XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

10.2.- ARRAIN KONTINENTALAK:

Arrainen taldea izango da, babes juridikoari dagokionez, arretarik gutxien jaso izan duen ornodun-multzoa.

Gaur egun, populazio-estatusa kili-koloka duen makina bat espezie dago, ibaien egoera tamalgarriaren ondorioz batez ere eta, horrez gain, itsasertzaren egoeraren eta ornodun-talde honek jasan ohi duen presio etengabearen ondorioz.

Espezieei ur gezatako izaera eman ala ez erabakitzerakoan ez da zalantzarik falta izan.

Talde horretan sartu ez direnen artean zamo arrunta eta lupina arrunta ditugu, nahiz eta arrantza kontinentala arautzen duen Foru-Aginduak bi arrain horiek aipatzen dituen.

Baliteke ibairen batetan zamorik egotea, baina aipamen fidagarrien ezean ez sartzea erabaki dugu; lupinari dagokionez itsas espezietzat hartu dugu.

Korrokoia eta platuxa bezalako arrainak ere itsasoaren eragin nabarmena duten ibai-zatietan bizi dira, batzutan ibaian gora zenbait kilometrotan zehar joan arren.

Kodaka, izokin arrunta, amuarraina (itsas migratzailea den morfoa, itsas amuarraina deritzaguna) eta aingira espezie migratzaileak dira, haien bizi-zikloaren zati bat ur gezatan eta bestea itsasoan garatzen baitira.

10.2.1.- Bernako Hitzarmena sortu zenean ez zen arrainik babesten, baina bere Batzorde Iraunkorrak 1987.eko abenduan onarturiko zabalpenaren bidez, kodaka, loina txikia, izokin arrunta eta bokaletako zarboa babestutako fauna-espezieak kategoriapean sartzen dira (izokinari ez zaio aplikatzen itsas uretan).

Era berean, Habitaten Arteztarauak hurrengo espezieak garrantzi komunitarioko animali eta landare-espezieak, kontserbazio bereziko eremuak behar dituztenak (II. ERASKINA) sailkapenean aipatzen ditu: izokin arrunta (itsas uretan izan ezik), loina txikia eta kodaka.

Bestalde, izokin arrunta (ibaietako uratan soilik), kodaka eta mendi-barboa garrantzi komunitarioko animali eta landare-espezieak, horiek naturan jasotzea eta ustiatzea kudeatu daitezkeenak (V. ERASKINA) irudipean azaltzen dira.

10.2.2.- Mehatxaturiko Espezieen Katalogo Nazionalak, galtzeko arriskuan eta interes berezikoen taldean hainbat arrain tipifikatzen dituenak, ez du Gipuzkoako arrain bat bera ere aipatzen.